XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) lorategi bateko zakurra, gu pasatzerakoan, hesiaren kontra oldartu eta ausikika hasten zen; une labur batez aita berriz maite nuela iruditu zitzaidan, edo luzaroan maite izan nuela.

Joan nintzen gau-beila egitera, baina bi ordu bakarrik egon nintzen, zeren biharamunean bulegoak garbitzera joateko goiz jaiki beharra baineukan.

Eta esan liteke nire aitaren emaztea ez nuela geroztik ikusi.

Aitaren argazki bat, amak bere bizi guztian domina gisa eraman ohi zuena, ekarri zidan, eta umeei erakutsi nien.

Baina ez zuten jakin nor zen.

Egun asko zen ez Quimeten, ez Cinteten ez Mateuren berririk ez nuela, eta hara non igande batean Quimet azaltzen zaidan zazpi milizianorekin, janariz eta miseriaz gainezka.

Zikina eta zarpaila, guztiak berdintsu.

Zazpikotea joan eta hurrengo egunean argi txintan bila etortzekotan gelditu ziren.

Quimetek aitortu zidan antolamendu txarragatik frontean gutxi jaten zela eta tuberkulosiak jota zetorrela.

Ea sendagileak esan zion hori galdetu nion, eta berak erantzun zidan birikak leizez beteak zituela jakiteko ez zuela sendagile beharrik, eta umeei musurik ez ziela eman nahi, gaitza ez kutsatzearren.

Ea sendatuko zen galdegin nion, eta berak erantzun zidan, zeuzkan urteekin tamaina hartako gaitzak bizi guztirako zirela, leizeak gero eta sakonago egiten baitira eta birikak bahe baten pare zulatuta dauzkazunean, odola noraezean eta non pausatu ezin jakinik doanez, ahotik ixurtzen zaizu, eta hireak egin dik orduan, hasi hadi zerraldoa prestatzen.

Esan zidan ze suerte ona nuen hain osasuntsu izateagatik.

Gero kontatu nion nola usoak aldeginak ziren eta bakarrik pintta bat gelditzen zela, iltze bat bezain flakua, beti itzuli egiten zena...

Eta esan zuen gerragatik ez balitz etxetxo baten jabe izango zela jada (...).